Tasio filmaren XXV. urtemugako ekitaldiak
Nafarroako Ikus-entzunezko Arteen eta Zinematografiaren Institutuak (NIAZI) hainbat ekitaldi eginen ditu Tasio filmatu eta estreinatu zenetik 25 urte igaro direla gogoratzeko; hura Montxo Armendariz zinemagilearen lehenbiziko lana izan zen, bere osotasunean Nafarroan filmatutakoa. Hainbat ekitaldi izanen dira, zehazki: esate baterako, erakusketa bat, topaketa bat filmeko taldearekin, herri bazkari bat lana filmatu zen tokian eta hainbat argitalpen.

1984an, Montxo Armendarizek bere lehen film luzea zuzendu zuen, Tasio, Elías Querejetak ekoitzitakoa. Filmari errealismo sakona zerion, paisaiak indar handia zuen eta herri xeheko pertsonaiak nagusi izan ziren: bada, lan hark hogeiren bat sari eta errekonozimendu jaso zituen, eta ziurrenera, Nafarroako zinema garaikide eta kalitatezkoaren hasierako mugarria izan zen.
Estellerriko herrietan egindako filmaketaren eta lana estreinatu izanaren 25. urteurrena gogoratu nahi izan du NIAZI Fundazioak. Hartara, hainbat ekitaldi antolatu ditu datorren irailerako: “Tasioaren 25 urte” erakusketa, topaketa bat filmeko talde teknikoarekin eta artistikoarekin, Kultura Departamentuak NIAZIrekin elkarlanean argitara emanen duen liburua, Cahiers du Cinema aldizkariak plazaratuko duen gehigarri berezia eta webgune bat Interneten, filmaren inguruko materialak eta testuak erakusteko.

Erakusketa Lizarrako Kultur Etxean egonen da ikusgai, irailaren 5etik 20ra, eta filmaren artxibo-materialaren zati bat erakutsiko du: hau da, filmaketako argazkiak, gidoia, story board-a eta lan-dokumentazioa. Azken finean, Tasio lanari aldez edo moldez lotuta egondako guztiak omentzeko modu bat izanen da. Era berean, toki bat gordeko da ikaztobi edo txondor baten erreprodukzioa egiteko, filmeko eszenarik ezagunenetako bat gogora ekartze aldera. Erakusketako bisitariek, gainera, Tasio filma bera eta Nafarroako Ikazkinak dokumentala ikusteko aukera izanen dute, azken hori Armendarizek berak 1981ean egindakoa. Halaber, tarte bat izanen da filmaketa egindako herriak eta estra eta figurante moduan parte hartu zuten auzokideak gogoratzeko.

Bestalde, irailaren 5ean eta 6an eginen da arestian aipatutako topaketa hura filmean aritutako teknikariekin eta artistekin, Estellerrian ere bai. Besteak beste, lagun hauek egonen dira: Montxo Armendariz, zuzendaria; Elías Querejeta, ekoizlea; Gerardo Vera, zuzendari artistikoa; José Luis Alcaine, argazki zuzendaria; Ángel Ilarramendi, jatorrizko musikaren egilea; eta Patxi Bisquert, Amaia Lasa, José Mari Asín eta Txema Blasco aktoreak. Denek filmaketan aritutako jende guztiaren omenetan eginen den ekitaldian parte hartuko dute (Lizarrako Golem zinema-tokietan), bai eta Bakedaon izanen den herri bazkarian ere, huraxe filmaketako herri nabarmenetako bat izan baitzen; hori guztia, La Orquestina del Valle taldeak giroturik.

NIAZI Fundazioak akordioa egin du Cahiers du Cinema aldizkari ospetsuarekin, 2009ko iraileko alean (Donostiako Zinemaldian banatuko den hartantxe) Tasio filmari buruzko gehigarri berezi bat egiteko; gogoetan eta kritikan oinarriturik gogoratu eta aztertuko da filma. Hona, besteak beste, gehigarriak zer jasoko duen: filmeko zuzendariari eta hainbat taldekideri egingo zaien elkarrizketa, lanak 80ko hamarkadako zinema espainiarrarekin eta Europako sustrai antropologikoko beste film batzuekin izan zuen harremana, eta Montxo Armendarizen zinemari lotutako hainbat alderdi.

Copyright 2001-2009, Inaac. Todos los Derechos Reservados. | Aviso Legal
INAAC